Bilboko bihotzak euskaraz arnastu du, Ibilaldiaren eta auzolanaren indarrez.
Euskalgintza sozialaren eta erakunde publikoen arteko indarrak batzera deitu dute ikastolek, euskararen biziberritzean jauzi berri bat egiteko
Maiatzak 31, Bizkaiko Ikastolen jai handia ospatu da Bilbon, Kirikiño Ikastolak antolatuta eta "HIRI KIRIBILI BIL!" lelopean. Jaialdiak hezkuntza-komunitatearen konpromiso kolektiboa eta indar eraldatzailea jarri ditu erdigunean, Bilbo Handia eremu estrategikotik euskara eta euskal kultura herri osoan ehuntzen jarraitzeko eta adin guztietarako egitarau oparo baten bidez gozatzeko.
Txurdinagako kaleak eta Bilboko txokoak jendez eta ilusioz bete dira 2026ko Ibilaldia ospatzeko. Kirikiño Ikastolako komunitateak hilabeteetako lan fina eta auzolana borobildu ditu, hiriburuan euskararen transmisioa ziurtatzeko duten hamarkada luzeetako ibilbide oparoa agerian utziz.
Hasiera ekitaldi instituzionalean gizarteko eta politikako ordezkari ugari bildu dira. Agintari eta hautetsi ugari ere bai, Bizkaiko ahaldun nagusia Elixabete Etxanobe, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua buru zirela. Bizkaiko eta Euskal Herriko ikastoletako komunitateen ordezkariak ere han izan dira: Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola eta Artezkaritza Kontseiluko eta Zuzendaritza taldeko kideak, bai eta ikastoletako ordezkariak ere. Guztiak joan dira Kirikiño Ikastolako komunitateari babesa ematera.
"Gaurko hasiera ekitaldi honetako kultur adierazpen guztiak —abesbatza, dantzariak, musikariak eta bertsolariak— gure ikastolako kideek eskaini dituzte, hori baita gure benetako altxorra: Txurdinagan, Santutxun, Otxarkoagan, Begoñan, Boluetan eta Bilbo osoan hezkuntza, euskara eta euskal kulturaren aldeko familiak izatea", adierazi du Haizea Etxebestek, Kirikiño Ikastolako lehendakariak.
Etxebestek gogoan izan ditu duela 49 urte proiektua auzolanean abiatu zuten ameslariak. Bost hamarkada geroago, "erronka zahar berrituak" mahai gainean direla, elkarlanean eta urrats sendoekin ametsak egia bihurtzen jarraitzeko deia egin du.