Lekeitioko Eskola Kirola, lehen hezkuntzako 1-2-3-4 mailetako ikasleentzat, herriko eragileen elkarlanarekin osatutako kirol hastapen proiektua da. Egitasmo honekin, herriko txikienek, jarduera fisikoa eta kirol munduan lehenengo pausuak emateko ustezko modu egokiena, integralena eta hezitzaileena eskaini nahi dugu.
Proiektu hau kudeatzeko eta behar duen jarraipena eramateko bi egitura garrantzitsu osatu dira:
1. Lekeitioko ikastetxeen eskola kirola eta hezkuntza LEK elkartea. Herriko Azkue Ikastola eta Herri Eskola batzen dituena.
2. LEK batzordea. Udal ordezkariak, ikastetxeko kirol koordinatzaileak eta zuzendariak, udal kirol zerbitzuko teknikaria eta koordinatzailea eta herriko kirol taldeen ordezkariak batzen dituena.
LEK Helburuak
Gaur egun jarduera fisikoak umearen garapenean duen garrantzia eta honek eragiten dizkion onurak soberan ezagunak eta kontrastatuak daude.
Kirolak onura asko izan ditzake eta sozialki gaur egun pisu handia daukan arren, baditu ezaugarri berezi batzuk txikienen artean eta ohitura moduan onenak izan ez daitezkeenak. Hauen artean, neurrigabeko lehiakortasuna, espezializazio goiztiarra, goi-errendimenduko kirola eredu izatea eta egoera sozial eta ekonomikoak mugatzea parte hartzeko aukerak.
Hau dela eta, hurrengo motatako jarduerak bultzatuko dira: Kalitatezko hezkuntza ziurtatzen dutenak, askotariko kirol jarduerak ikasteko eta praktikatzeko aukera ematen dutenak eta eskola kirolaren legediarekin zein umea babesten duten protokoloekin eta gure helburuekin bat datozenak.
Helburu nagusia.
Txikienek, jarduera fisikoa eta kirol munduan lehenengo pausuak emateko ustezko modu egokiena, integralena eta hezitzaileena izatea. Horretarako, Lekeitio herriko erakunde, ikastetxe eta kirol zein kultura taldeen elkarlana bilatuko da.
Berariazko helburuak.
- Lekeitioko LH 1-2-3-4 mailetako ume guztiak eskaintza berbera izan eta elkarrekin aritzea.
- Herriko eta eragile ezberdinen proiektu bateragarria izatea, elkarlanean aritzea eta hau sustatzea.
- Lekeitio eta hurbileko inguruek eskaintzen dituzten aukera bikainak ezagutu eta aprobetxatzea.
- Umeen gaitasunak (motorra, kognitiboa, soziala eta afektiboa) modu hezitzaile, inklusiboa eta dibertigarri batean garatzea.
- Gaitasun hauek askotariko jarduera fisiko eta kirol ezberdinetan parte hartuz lantzea.
- Asteburuko lehiaketak, herrian eta herri arteko topaketei lekua ematea adin hauetan.
- Kirol ohitura osasuntsuak sortzea eta bermatzea gazteen artean.
Baloreak
Parte hartze zabala
Eskola Kirola proiektuak, Lekeitioko herriarentzako antolatuko dituen ekintzetan, ikastetxeetako ikasleen artean ahalik eta partaidetza handiena egotea sustatu nahi du.
Jarraipena bilatu
LEK programak, herriko gaztetxoenak, hurrengo urteetan eta baita epe luzera begira, jarduera fisikoa eta kirola egiten jarraitzea bultzatzen dituen ekintzak proposatuko ditu.
Iraunkortasuna
Tamaina honetako proiektu bat, epe luzera begira gauzatu behar da, arlo guztietan.
Aukera berdintasuna bermatu
Partaide guztien berdintasun aukera bermatu nahi da sexu, egoera sozio- ekonomiko, arraza edo trebetasunak edozein direla ere.
Kirol aniztasuna
Hainbat erakunde eta kirol adituen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirolaren eta Gazteriaren Zuzendaritza Nagusia barne, jarduera fisiko eta kirol anitza praktikatzeak dituen onurak zabal ezagunak dira eta honetaz kontzientziatzen saiatu behar gara.