Skip to main content

Euskararen erabilerari bultzada emateko helburuagaz, Euskara behar dut kanpaina jarri du martxan Lekeitioko Azkue Ikastolak . Azaro beteko ekimenekin, euskararen eusle izatea indartu nahi izan da, ikastolako komunitate osoa parte eginez.

Egitasmo hionen barruan, Eusfamiliak ere ezagutu ditugu . Bost familia euskaldunek ingurune euskaldunik ez dituzten bost ikasle hartu dituzte astebez euren etxeetan. Uruguay, Senegal eta Ukrainako jatorriko familietako LH eta DBHko ikasleek izan dira egitasmoan parte hartu dutenak. Eta arrakasta ikusita, udaberrian esperientzia aberasgarri hau errepikatzea da gure asmoa.

Eusfamiliei begira, dekalogo bat osatu zuen ikastolak eta irizpide lagungarri batzuk zehaztu euskararen erabilera bultzatzeko. Irizpideok erabilgarriak dira eusfamilietarako zein beste familietarako ere.

  1. Euskaraz ulertzen ez duena, keinu, irudi edo objektua erakutsiz adierazi.
  2. Euskararen erabilera bultzatuz, mahai jokoetan denok parte hartu.
  3. Otorduak elkarrekin egin eta euskarazko erabilera bultzatu.
  4. Sare sozialen erabilera murriztu edo kendu, erdara delako nagusi.
  5. Euskal ekoizpeneko materiala eskaini: marrazkiak, pelikulak, liburuak...
  6. Euskara ekintza erakargarriekin erlazionatu: mendi irteera, abentura parkea, zinema, museoetara irteerak (Donostiako itsas museoa, zientzia museoa...).
  7. Umeen motibazioarako euskara eusle jarrerak positiboki baloratu/indartu.

Ingurune erdalduna duten ikasleentzat ez eze erronka polita izan da familia euskaldunentzat ere: esperientzia berri bat bizitzeaz gainera, seme-alabei hizkuntzarekiko konpromisoa erakusteko eta transmititzeko aukera ere izan delako. Hori dela eta, abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin, Eusfamiliak omenduko ditu ikastolak, eta euren eusle konpromisoa nabarmendu.

Eusfamiliekin batera, txapa banaketa, formakuntza saioak, Kike Amonarrizen hitzaldia... hainbat izan dira euskara egunero erabilerara ekartzeko aurrera eraman diren ekintzak. Ez dadila horretan geratu. Nik euskara behar dut. Euskarak behar gaitu. Izan zaitez eusle!

Logoa
Nik euskara behar dut !

Hezkuntza Eremua